Gure herriko gehiengo sozialen zerbitzura, COVID-19 aren pandemiaren eta bere ondorioei aurre egiteko ekimena

(deskargatu PDF formatuan)

Pasa den Martxoaren 14an espainiar gobernuak Alarma Egoera dekretatu zuen COVID-19 aren krisiaren harira. Honek behargin klasea erabateko konfinamendura eraman du, bi asteko epeetan luzatzen ari dena. Ehun produktiboak jasan lezakeen higadura tarteko, eztabaida piztu da, mutur batean langileon osasunerako eskubidea eta bestean ehun ekonomikoaren premiak ezarriz.

Krisiaren hasieran konfinamendua ez osoa izan da, era honetan arriskuan jarri delarik langile multzo handi baten osasuna, lanean jarraitu behar izan dutenena haun zuzen, nahiz eta beren lan jarduera sektore “ez estrategikoetean” burutu, beren osasuna eta gertukoena arriskuan jarriz horrela. 

Gainera sektore zaurgarrienek (sektore feminizatuetako langileek, langile prekarioek, enpresa pribatu txikietako langileek eta baita autonomo txikiek ere esaterako) ezin izan dute beren osasunaren aldeko apustua egin. Osasunaren aldeko mugimendu sindikalak  ere ezin izan ditu guztiz babestu sektore “ez estrategikoetako” langileak.

Martxoak 28an aldiz, berrogeialdia gogortu egin da eta sektore “ez estrategikoetako” langileak etxean geratzera behartu dituzte. Nahiz eta zerbitzu ezinbesteko eta ez ezinbestekoen arteko muga urratua izan den, neurri honek kutsaduraren kontentzioa erlatiboa posible egin du. Hala ere egoera ekonomiko eutsiezina suposatu du behargin klasearentzat.

Eskura dagoen ebidentzia zientifikoa, adituen iritzia eta eredu prediktibo matematikoak kontuan hartu arren, ez dago argi pandemiak zer nolako bilakaera izango duen. Hala ere patronala eta bankaren goseak, langileriaren geruza zabal baten prekarietate egoerak, bere lan indarra sostengu bakartzat duen behargin klaseak, edozein jendartek behar duen produktuen behar materialak eta baita Espainiako Gobernuak berak duen hizkerak datozen egun edo asteetan lanera itzulera emango dela pentsatzera eramaten gaitu. Itzulera hori hasiera batean mailakatua izango da eta masiboa geroago. Hori guztia gertatzen den bitartean gainera behar eta material mediko, sanitario eta prebentiboak handitzen joango dira.

Gauzak horrela, patronalak, bankak eta gobernuak ez dute arazorik izan soluzio bakartzat beste behin ere murrizketak eta zor publikoa aurkezteko (aurreko krisian egin zuten bezala). Onurak eta mozkinak formulatik at beste behin ere. Hori gutxi balitz sektore batzuk gainera haratago doaz eta ez dute ezkutatzen egoera honetatik negozioa egiteko aukera. Eta bitartean gehiengoa estu eta larri, arnasa hartu ezinik. Jarrera eta nahi horiek sozialki zikinak eta politikoki onartezinak direla deritzogu.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten behargin eta klase herrikoien beharretara egongo den proiektu bat eraikitzeko konpromezua duen, jatorri profesional, politiko eta ideologiko ezberdinetatik gatozen talde honek COVID-19 aren pandemiaren eta honek ekarriko dituen ondorioen harira ekimen hau luzatu nahi diegu, gure Herriko  agente sozial, sindikal eta politikoei.

 

OSASUNA ETA LANAREN ARTEKO ERLAZIOA

Hego Euskal Heriak bere barnean mantentzen du kausa ekonomikoengatiko jendarte-bazterketa. EAEn II Foessa Txostenaren arabera (2019ko urria), jendartearen %15a, 334.000 pertsona, baztertze sozio-ekonomikoan daude. Horietatik 194.000k (%8,8ak) baztertzea era larrian pairatzen du eta 90.000 “jendarte kaleratua” da muturreko baztertzearekin. Gainera, langabeziak ezin izan du %9tik jaitsi duela 12 urtetik Nafarroan, txosten beraren arabera, jendartearen %16a; baztertze sozio-ekonomikoan dago. Horietatik 14000 “jendarte kaleratua” da muturreko baztertzearekin.

COVID-19 ak ekarri duen ekonomiaren balaztadak egoera hau okertzen du, horren adibide dira esaterako langile prekarioak, asko kontratu gabe daudenak(emakumeak gehienak gainera, zaintzan eta zerbitzu sektorean lanean dihardutenak). Hauek ez dute etekinik ateratzen sindikatu handiek enpresa handiekin eginiko hitzarmenekin, eta gainera, Lan Mutuek kudeatzen dituzten gutxieneko ingresuetatik at geratzen dira, kasu askotan oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik gabe geratuz..

Badirudi momentu hauetan gainera tabua dela osasuna eta lan eskubideetaz termino ez dikotomikoetan hitz egitea. Bata edo besteagatik egin behar dela hautua. Ezta urrik eman ere, urtero eguneroko borrokan milioika langilek aldarrikatzen dute beren osasun eskubidea. Eta hau noski beren lan eskubide defendatuaz bat egiten dute, aurrera egiteko lanabes gisa ez baitute beren lan indarra besterik. Gure etxean konfinaturik egoteak epe motz batean eta gure osasunaren eremu konkretu batean bakarrik babestu gaitu gainera, baina, ez dugu ahaztu behar, konfinamendu honek ere badakartzala beste hainbat eragin gure osasunean (elikaduran, antsietatean, depresioan, egoera ekonomikoak eratorritako arazoek eragin ditzakeen inestabilitate psikologikoan,…).

Horregatik eta nahiz eta gai arantzatsua izan, aitortu eta ulertu behar dugu, Euskal Herriko milaka langile lanera itzultzeko egiten ari den eskaera, ez baitute segurtasun ekonomikorik eta egoera honek beren egoera mentala higatzen baitu (lo egin ezina, frustrazioa,…). Ezin dugu ahaztu gainera gure suizidio tasa altua dela eta gehienak egoera ekonomikoagatik eratorriak direla. Era berean aitortu eta ulertu behar ditugu  beren osasunaren aldeko apustua egin duten langileen postura, pandemia honen erdian enpresa handien zerbitzari izateari ukatuz.

Era berean, jarduera ekonomikoa funtsezko sektoreetara mugatzeak,  lehen aipaturiko arazo objejtiboez gain (kapitalaren gosea, behargin klasearen beharrak, jendartearen beraren luzaezintasuna,…), lanera itzultze jario etengabe bat ekarri du, estrategikoa izendatu dutena, baina ez pandemiari aurre egiteko estrategikoa, beren interes ekonomikoak defendatzeko estrategikoa baizik. Horren adibide gisa jarri dezakegu, autoentzako berogailuak egiteko enpresa baten aktibitatea. Gure ustez gauden egoeran egonda industria horren lan itzulera arnasgailuak egitera egon beharko litzateke zuzendua eta ez beren betiko aktibitatea mantentzera.

Eta hain zuzen ere emergentzia egoerak bultzatuta eta osasun-lan behar horretan kokatua dago gure proposamena.

Goian adierazi dugun bezala, gure planteamenduaren oinarria lan sektore zaurgarrienekiko konpromezutik jaiotzen da, eta azpimarratu nahi dugu osasuna beste guztiaren gainetik jartzeak, “osasunetik at” uzten dituela dagoeneko egungo ekonomia modeloak ahuldu dituenak; eta beste alde batetik, ekonomia beste guztiaren gainetik jartzeak osasun arazo larriak ekar ditzakeela, batez ere hau ez duenean behargin klaseak modu eraginkor batean zuzentzen.

 

HERRI PLANA: ZORPETZEA VS FINANTZAKETA PROPIOA

Honek guztiak ekarriko duen gastu publikoaren beste aurpegia ordaintzeko diru sarreren jatorriarena izango da. Jatorri honek bi iturri baino eztitu: Zorpetzea ala zerga bidezko diru sarrera propioak garatzea.

Gure proposamenerako honako irizpideak aintzatetsi ditugu:

  • Zor publikoa epe motzeko sasi-irtenbidea da, gaurko finantzaketa zama geroratzen duena, biharko premiak hipotekatuz. Gastu sozial oro murriztuz joateko argudio gisa balio du. Adibide gisara, Etxebizitza eta hirigintzarako gastua Euskadin, 2020ean, 2008koaren %30 gutxiago da, balore jarraian. Eusko Jaurlaritzak (tokiko administrazio eta Foru administrazioak kanpo utzita) (1) 642 milioi euroko zorrarekin hasi zuen 2008ko krisia (BPG-ren %1), 2019ko itxieran berau 9.425 milioi €koa da (BPG-aren %12,6), eta honi gehitu behar zaio 2020ko aurrekontuetan zorra beste 296,65 milioi €-an handitzea onartzen dela. Nafarroaren zor bizia 2008an 868 milioi €-an zegoen, BPG-aren %4,6, 2019ko itxieran bere zor bizia 3.297 milioi €-koa izan delarik, BPG-aren %15,7, eta 2020ko aurrekontuetan 135,66 milioi €-ko gainzorra onartu da. 2020ean Zorraren aurreikusitako gastua 929,8 milioi €-koa izango da, Industria Garapen (222 milioi €), Etxebizitza eta hirigintza (164 milioi €) edota Gizarte Ekintzarako (480 milioi €) aurrikusia dagoena baino askoz gehiago. Nafarroan kostua 242,8 milioi €-koa izango da, Enpresa eta Ekonomia Garapenerako (83,66 milioi €), Zoruaren Kudeaketa eta Etxebizitzarako (143,65 milioi €) edota Lehen Artapen eta Inklusio Sozialerako (31,83 milioi €) gastatuko den baino askoz gehiago.
  • Zergak dira sektore publikoa bideragarri eta iraunkor egiten duen irten bide bakarra.  Hego Euskal Herrian personako 34.000 €ko eta 31.400€ko BPG dugu EAE eta Nafarroan, hurrenez hurren, eta EBko zerga presioaren bataz bestekotik oso behera gaude, beraz badugu finantziazio propioari heltzeko nahikoa tarte. EBren bataz besteko zerga presio berbera bagenu (7 puntu baxuago dugu), diru bilketa BPG-aren %7 igoko litzateke, hau da, Euskadin 5.052 milioi €an eta Nafarroan 1.420 milioi €an igoko litzateke. Baina zerga guztiek eztute berdin igo behar, BEZa %12tik %21era eta PFEZa bere tarte baxuenetan %15etik %23ra igaro diren bitartean, Sozietateen zerga (ETE) %35etik %20ra igaro da Euskaldin eta %35etik %23ra ETEentzako eta %19ra mikroETEentzako, Nafarroan. Baina gauza bat da ezarpen tipoak, eta beste bat zeintzuk diren tipo errealak, orotariko “zerga opor edota hobariak” ezarri ondorengoak, hauek “Zerga gastu” Euskadin eta “Zerga mozkin” Nafarroan mozorrotzen direlarik.  Hala, errealitatea zera da, Euskadin zergetan biltzen den dirutik %8,47 baino ez dela biltzen Sozietate zergaren bitartez, Nafarroan are baxuagoa delarik (%7,46). 2020ean, Euskadiren kasuan, 15.414,9 milioi €ko diru-bilketa dago aurreikusia (errealitateak kopuru hauek aldatuko ditu), berauetatik enpresek 1.306,9 milioi € baino jarriko ez dutelarik. Nafarroan kopuru osoa 4.101,75 milioi €koa izango da, horietatik enpresek 306,83 milioi € baino jarriko ez dituztelarik, Hego Euskal 

 

Herrian sortzen den aberastasunaren ia erdia, BPGari erreparatuta, enpresek hartzen duten errealitate batean.

 

Haratago joanda, eta COVID-19ak eragindako konfinamenduaren erdian, hiru Foru Aldundiek eta Nafar Gobernuek zerga paradisu bilakatu dituzte haien administraziopeko lurraldeak arrisku-kapital fondoen kudeatzaileentzat, “putre-fondo” gisa ezagun direnak barne, PFEZa %50ean murriztuta (praktikan %49ko gehienezko tipotik %24ko gehienezko tipora pasatzen da). Egunotan, sare sozial zein lan mundutik galdera eta ia konsigna dena bolo-bolo dabil: Nork poltsikoratuko du langileok datorren astean zabalduko diren enpresa handietan gure zein gure senitartekoan osasuna arriskuan jarrita sortuko dugun etekina?

Kolektibitatearen eskuetan jarri behar da sortuko den ENPRESA ETEKIN GUZTIA, ehun produktiboari eusteko gure osasuna arriskuan jarriko badugu. Hausnarketa da, betikoek zuloa ez estaltzeko eskaria, eta oroz gainetik etekina lehenesten duten enpresek gizartearen etekina lehenez dezaten eskaera, une berezi honetan. Herri eskaera honek, denbora tarte zedarrituan plusbalioa zergapetzearenak, auditoria eskatuko luke eta gainera zerga oinarri ezargarrien kalkulo ereduetara egokitu beharko litzateke, beraz posible den eskuhartzea Sozietateen Zergan ematen da.

 

HERRI PLANA: SALBUESPENEZKO NEURRI EKONOMIKOEN PROPOSAMENA

Arestian aletutako guztian oinarrituz, jarduera ekonomikorako zeinahi itzulerak larrialdi egoera honetarako ezohizko neurri hauek barnebildu behar dituela deritzogu, izurritea iraungi arteko tartetzat ulertuz:

1 .    BBLET (Behin behineko Lan Erregulazio txostena) zein langabezia tarteko lanera joan ezinda geratzen den ezein herritarrek eztezala honako kopurua baino baxuagoko diru sarrerarik izan : Hilabeteko 1.400 € (pertsonako BPG-aren erdiaren halakoa) edota lanean zihardueneko soldataren %80a.

2.             Lanerako “zabalduko” dituzten enprestean, aletua izan den COVID-19ak errealitatera moldatutako Lanerako Osasun eta Segurtasun neurriak zorrotz ezartzeaz gain (LSHN), gaixotasun kronikoak dituzten eta COVID-19a tarteko heriotz tasa altuagoetan kokatu diren giza taldeetako langileek (60 urtetik gorakoak, diabetesdunak, arnasketarekin loturiko gaixotasunak, bihotz eritasunak eta beste) behin-behineko ezgaitasun laborala eskatu ahal izango dute, izurrite arriskuak dirauen bitartean, bere soldataren %100 jasoaz, enpresak osatua .

3.             Lanerako “itxita” izango dituzten enpresetan, baina bere jarduera jendaurrekoa ez den kasuetan, baizik eta bezeroekiko hartu-emana mailakatu, zeharkako, aurretiazko edota kontrolatua den kasuetan, langileek aho batez irekitzeko borondatea azalduko balute, bere jarduerari berrekin ahal izango diote, beti ere LSHN-k “zabaldu” duten enpresei ezarritako baldintzat betetzen badituzte, arestian zedarritutako baldintzetan behin behineko ezgaitasun laborala eskatzeko aukera barne.

4. Lehen puntuaren egikaritzea egokien irizten zaien euskal entitate publikoen esku geratuko da, LANBIDEk koordinaturik eta 550 eta 140 milioi € horretarako bideratuz EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Diru hau honako iturrietatik eratorriko litzateke:

a. 2020ko ekainean aurkeztu behar den Sozietate Zergaren urteko likidaziotik zerga horren Zerga Gastu guztiak kentzea(2). 2020ko aurrekontuen arabera 450,92 milioi € Euskadin eta 121.66 milioi € Nafarroan lirateke. Proposamen honen egikarigarritasuna 1983ko euriteek Bizkaian sortutako gastuei aurre egiteko ezohizko zerga neurrietan dugu, berau PFEZn ezarri zelarik hainbat urtez. Gainera, Zerga Gastuak kenduta aurreikusitako diru bilketa aurrekontuetan, Sozietateen Zergagatik, 1.757,8 milioi €koa litzateke, EAEko ogasunaren diru bilketa osoaren %11,4 eta Nafar ogasunaren diru bilketa osoaren %10,44, Europa mailako gure inguruko bataz bestekotik oso urrun, oraindik ere.

b.   2020ean Nafarroan eta EAEn onartu eta gure herria zerga paradisu bilakatzen duten Foru Arauak bertan behera uztea, eta honek ekarriko duen diru bilketa (zenbatu ez dutena, baina gutxieneko aurreikuspenetan EAEn 100 milioi eta Nafarroan 20 milioi izango liratekeena) ezohizko finantzaketa honetarako erabiltzea.

 

SALBUESPEN MOMENTUTIK HARATAGO

Proposamen hau momentuko beharretara dago doitua. Hau idazten ari garen bitartean europar eta mundu mailako zorraren inguruko berriek eta hau martxan jartzeko mekanismoek aurrera dihardute. COVID-19 aren krisiari aurre egiteko hartzen den edozein erabakik ez baditu patronalaren eta bankaren mozkinak irtenbidearen ekuazioan sartzen, kontutan eduki behar dugu herrialdea hondamenera daramala eta behargin eta klase herrikoien posizioa gogor ahultzen duela.

Alderdi honek berebiziko garrantzia du, aurkeztu ditugun minimoetako neurri hauek gabe, eta batez ere, etorkizunean erasora pasatzeko benetako klase estrategia batekin  osatzen ez bada, gainera datorkigun krisi ekonomiko latzaren aurrean biluzik aurkituko gara. Ez dezagun ahaztu, COVID-19 ak kapitalismoaren ziklo ekonomikoa astindu duen arren, krisi ekonomikoa ez du berak sortu, kapitalismoaren funtzionamendu propioak baizik.

Beste behin argi geratu da komunitateak, elkartasunak eta guztion ongizatearen borrokak soilik bermatu dezakeela biziraupena. Bada garaia behingoz ekonomia pertsonen zerbitzura eta herrien biziraupenera kokatzeko. Bukaerako helburua ezin da izan egungo sistemari partxe bat ipintzea, denok batera eta ausardiaz modelo berri batengatik borroka egia baizik, Tito Liviok esan zuen bezala, egoera bortitza denean eta esperantza urria, ebazpen zorrotzak dira seguruenak.